jeudi 7 juillet 2011

AB, EA eta Batasuna alderdiek manifestazioa deitu dute, hilaren 16rako Baionan, errepresioa salatzeko eta aterabide politikoaren alde

Argitaratua: 1 ordu eta 19 minutu

Donibane Garazin 80 lagun bildu ziren, atzo arratsaldean, Daniel Dergiren atxiloketa salatzeko deitu lehen ekimenean. Gaizka IROZ argazkia.
Hiru alderdiek agerraldia egin dute arrats huntan Baionan Daniel Dergi preso ohiaren arrestatzea salatzeko eta, orohar, espainiar eta frantziar estatuek "Euskal Herrian itxaropena sortzen duen prozesu politikoa" oztopatzeko hartu duten jarreraren aitzinean haien kezka agertzeko. "Probokazio horrek" erantzun bat eskatzen duela erranez manifestazioa deitu dute, hilaren 16rako Baionan.

Atzo, Cahors-en, 12 urteko espetxealdia bete ostean baldintzapeko askatasunean libro zen Dani Dergi  atzeman zuen Frantziako Poliziak euroagindu bat tarteko. Arrats huntan azken gertatakari honek zein beste batzuen karietara haien irakurketa egiteko agerraldia egin dute Eusko Akartasuna, Abertzaleen Batasuna eta Batasuna alderdiek Baionan.

Bertran, lehenik eta behin, haien sostegua adierazi diote 2000. urtean gose greba luzea burutu zuen Daniel Dergiri. Ondoren gogoratu dutenez, arrestatze hau gertatzen da momentu konkretu batean non mobilizazio azkar bat sortu den Aurore Martin Batasunako ordezkariaren alde.

Hiru alderdien ustez, gaur arratsaldean  Agen-eko auzitegirat eramaten duten Dergiren aurka aurkeztu euroagindua "tresna errepresibo berria" bilakatu nahi dute "frantses nationalitatea duten militanteak Madrilera igortzeko neurri sinple baten bidez".

Hiru alderdi abertzaleek salatu dutenez, "ETA eta Batasunarengandik prozesu demokratiko eta politiko bati buruz gertakari eta aitzin-pausu nabarmenak izanik ere, Espainiak berresten du ez duela urratsik egin nahi gatazkaren konponbidearen alde lan egiteko". Era berean, Dergiren atxiloketarekin, Martin auziarekin, 150 euskal preso politiko bere lurraldean sakabanaturik atxikiz edo-ta Ipar Euskal Herria ez ezagutuz Paris "gatazka honetako ezinbesteko eragilea" bezala agertzen dela mahaigainean ezarri dute. Are "Frantziako estatuarengandik ez bada parte hartze zuzen eta konkretua, behi betiko aterabiderik ez dela izanen" azpimarratu dute.

Frantziako agintariak haien arduren aitzinean ezartzeko bidean, dei zabala luzatu diote euskal jendarteari hendu den uztailaren 16an, arratseko 5etan Baionako Euskaldunen Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. Martxa horrek honako leman izanen ditu:
  • Aterabide politikoa orain
  • Euskal Herriaren ezagunepa
  • Presoen eskubide politikoak errespetatu
  • Errepresioaren gelditzea
Lagundu elkartearen salaketa
Bestalde, Lagundu elkarteak Euskal Herrian atal historiko berri batean sartu nahian ari delarik espainiar eta frantziar estatuek errepresioareki segitzen dutela salatu du agiri baten bidez.

Elkarteak azaldu duenez, "Estatu Frantsesak eta Españolak Euroagindu estakuluarekin beste kondena bat ezarri nahi diote" Daniel Dergiri.

"Euskal Herria bere istoriaren atal berri batean sartu nahian dabil eta bide horretan joan nahi duela herri honek argiki  erakutsi du hego aldeko azken hauteskundetan. Aldiz Frantses eta Español Estatuek beren errepresio bidetik segitzen dute Aurore eta orain Daniel-en arratazearekin  baita Madrilgo Bateragune auziarekin" gaineratu du elkarteak.

Azkenik "bi Estatuen errepresio lotsagabea horren aintzinean deituak izanen diren mobilizazio guzitara" deitu du elkarteak.  Atzo arratsean 80 lagun bildu ziren Donibane Garazin elkarretaratze batean.

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire