jeudi 14 juillet 2011

Sanferminetan beste sexu eraso bat izan dela salatu du Bilgune Feministak

2011-07-13


Mugimendu feministak jakinarazi du 40 urte inguruko emakume bat bortxatu dutela, azken egunetako hirugarrena
Erredakzioa Iruñea
Zezen plazarako bidean, zapi morearekin egin zuten protesta peñek. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Miren Aranguren Bilgune Feministako bozeramaileak jakinarazi du San Fermin jaietan beste emakume bat bortxatu dutela eta dagoeneko hiru direla aurten festetan sexu erasoak jasan dituztenak. Epaitegietan ez dute salaketarik jarri, baina Arangurenek adierazi duenez, herenegun Iruñean sexu erasoen kontra eginiko elkarretaratzean izan zuten bortxaketaren berri. 40 bat urteko emakume bat litzateke biktima.

Sexu eraso horrekin hiru dira azken egunetan sanferminetan izan diren bortxaketak. Andrea kolektiboak herenegun jakinarazi zuen igande goizaldean 16 urteko neska bat bortxatu zutela eta osasun etxe batean artatu behar izan zutela. Astelehen goizaldean, berriz, 22 urteko emakume bat bortxatu zuten Sarasate pasealekuko komun publikoetan, eta andreak berak salaketa jarri zuen Espainiako Poliziaren aurrean. Hark egindako adierazpenaren arabera, pixka bat lehenago San Nikolas kaleko taberna batean ezagututako 30 eta 35 urte arteko gizonezko bat da ustezko erasotzailea.

Iruñeko Peñen Federazioak dei egin die tabernari eta ostalariei gaur gauean, 00:00etan hasita, 15 minutuko lanuztea egitera, eta bihar, berriz, 17:45ean elkarretaratzea egingo dute peña guztiek Amaia kalean azken egunetako sexu erasoen kontra. «Orain arte egin diren sentsibilizazio eta informazio kanpainak ez dira nahikoa izan, eta horrek erakusten du festan parte hartzen dugun agente instituzional eta sozialek autokritika egin behar dugula».

Hain zuzen ere, ustezko bi sexu eraso horien aurrean Nafarroako erakunde publikoek orain arte izan duten jarrera oso kritikatua izan da. Atzo bertan Andrea eta Astelehen Lilak kolektiboek salatu egin zuten Iruñeko Udalaren «ezkutukeria eta informazio falta», eta gertaerak ezkutatzearekin neurriak hartzeko erabakirik ez dela hartzen adierazi zuten: «Azkeneko bost urteotan hala egin dute, eta ondorioak garbiak dira. Ez dugu ulertzen Iruñeko Udala nola ez den atera salaketa jarri duten emakumeei babesa ematera. Mespretxua da».

Era berean, erasoen kontrako protokoloa abian jartzeko eskatu dute Andrea eta Astelehen Lilak taldeek, eta, besteak beste, sanferminen aurretik informazio kanpaina abiatzeko, hiriburuko puntu beltzak zein diren aztertzeko, sexu erasoak jasan dituzten emakumeei berehalako laguntza emateko —osasun arreta, arreta psikologikoa, epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztea— eta urte osoan berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzeko eskatu dute.

Bi kolektiboek gogorarazi dute sanferminetan ustez sexu erasoa jasan duen emakumeetako bat adingabea dela eta halako kasuetan Fiskaltzak bere kasa ekin beharko lukeela.

Iruñeko Udalak ustezko sexu erasoen gainean ezer ez esan izana salatu eta egun batera, Enrique Maia alkateak aurreneko balorazioa egin zuen atzo: «Era horretako erasoak egon direla baieztatzen bada, legea azkeneraino ezarri beharko da». Maiaren iritziz, «onartezinak» dira sexu erasoak: «Edozein unetan dira onartezinak, baina, zalantzarik gabe, festa baliatzeak larritasun handiagoa du».

Bi urteko espetxe zigorra

Donostiako epaitegi batek bi urteko zigorra ezarri dio gizonezko bati 2009ko otsailaren 24an arrebari eraso egin izanagatik. Epaiaren arabera, egun hartan irainka eta mehatxuka hasi zitzaion gizonezkoa emakumeari, eta ondoren bultza egin zion eta ezpata-buru batekin kolpatu zuen. Emakumea saiatu zen babesten, baina ezpatarekin zauriak egin zituen hatzetan.

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire